Skip to main content
 
 
 
 
 

Erraza da audientzia hunkitzea: futbolak ere lor lezake hainbeste, kulebroi batek edo dezibelioen gehiegikeriak lor dezaketen era berean. Homo sapiensa izaki hauskor eta zaurgarria baita; ez ditugu gure emozioak kontrolatzen. Benetan zaila dena, ordea, geure burua ezagutu eta aldatzera garamatzan hausnarketa estetiko baten bitartez ikuslea hunkitzea da. Horixe lortzen du, hain zuzen, Asier Zabaletak: emozioez haratago, eraldaketa kritiko baten irrika sortzea. Ardura sozialetik eta kezka intimoeta- tik abiatuta (sena, atabismoa, erlijioa, identitatea, mina, dolua, ikuskizunaren zergatia), gizakiak bere bereak ditu- en gatazkak eta kontraesanak eszenaratzen ditu, noiz zorrotz, noiz ironiaz, beti zehatz eta garden, sekula bidegurutzeetan galdu gabe. Amildegi ere badiren ertzak hatz –eta oin– puntekin ukituz. Lengoaia eszenikoa istorio edo hausnarketa sakon baten zerbitzura dago beti, eta dantzari gehitzen zaizkion arte diziplina ezberdinek –dela musika edo dela antzezpena- aberastu eta indartu egiten dituzte, bai koreografia, bai katarsira garamatzan bidea. Dantza, software libre bezala ulertua.
Hunkitzen garen hurrengo aldian zergatik hunkitzen garen jakin dezagun.

HARKAITZ CANO